XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nostradamus

Medicis-eko Catalina Frantziako erreginak beregana deitu ziola jakin bezain fite, Nostradamus deitatua zen Provenca-ko aztia ospe handitan eduki zuten Bretainia, Toulouse, edo Nerac-eko korteetan;

dukesa edo kontesa guztiek eduki nahi zuten nork bere gazteluan, patuaz eta gerokoaz galde egin nahi bide zioten, naski, entzun nahi zutena aztiak esan ziezaien esperantzarekin.

Luxe-ko Anderea, Martinen ama zena, isiaturik zen gerla hartan beraren semeak irabaziko ote zuen Arnaud-i zegokion oinordekotza; izan ere, ez baitzen beronen ama, Menauton-en bigarren emaztea izanik.

Halatan, jakin izan zuenean Nostradamus-ek Ortez-era bisita eginen ziela Albrete-ko Jaun-Andereei, deliberatu egin zuen eze, bursa pisuaren truk izanagatik ere, Domezaingo bere jauregira erakarri behar zuela.

Egun zenbaitetan izanen zen jauregian, doi-doi Luxe-ko Andereak nahi zuena eduki artino.

Nostradamus Domezain-dik zetorkion gonbita ezagutu bezain fite abiatu zen bertara buruz.

Bainan Nabarrara sartu aitzin Lescar-etik iragan nahi izan zuen, abarrots handia egina zuen katedral errea ikustera; eliza barrenean oraino agerian zeuden destorbu eta sutearen ondorioak; apezpikua hilik gertatu zen lekuan, populuak kandelak piztuak zituen, krime hartaz leku sakratu hura berriz bere lehenagoko garbitasunean ezartzeko bezala. Nostradamus-ek ere piztu zuen berea.

Domezaineko jauregian izan zenean, etxeko nagusia irten zitzaion abegi egitera.

Lagun eta hurreko jendearekin usatzen zen aldetik, jauregi osoa erakutsi zion gonbidatuari; sukalde eta aberetegietatik iragatean, bi zerrikume ikusi zituzten, eta aztiak, ea haztekotan ziren ala jatekoak, galde bide zion etxeko jaunari.